Joan eduki nagusira

Informaziotik adimenera: BRTAk IA sortzailearekin duen esperientzia partekatu du EIGELen

Argitalpen-data: 

Jon Kepa Gerrikagoitia BRTAko arduradun zientifiko-teknologikoak EIGELen Jardunaldi Teknikoan parte hartu du azaroaren 24an, Bilbon, «IA sortzailea enpresan: informaziotik adimenera» hitzaldiarekin. Igogailuen sektoreko enpresen aurrean, IAren balioa ez dagoela ereduan defendatu du, erakunde bakoitzaren ezagutza propioan baizik.

Informaziotik adimenera: BRTAk IA sortzailearekin duen esperientzia partekatu du EIGELen

EIGELek (Igogailu Enpresen Elkartea) antolatu du jardunaldia, FEEDAren lankidetzarekin, eta Bilboko NH Collection Villa de Bilbao hotelean bildu ditu sektoreko enpresak, araudiaren eta teknologiaren arloko gaiak jorratzeko (besteak beste, makinen Erregelamendu berria eta Data Act). BRTAren esku-hartzeak IA sortzaileak enpresari ekar diezazkiokeen aukerak izan ditu ardatz.

Gerrikagoitiak azaldu du zer aldatu den IA sortzailearekin (bilatzetik galdetzera, programatzetik eskatzera, tresnatik lankidera) eta hiru mailako ibilbidea proposatu du: laguntzaile orokor bat erabiltzea, erakundearen ezagutza propioari lotzea eta, azkenik, adimen-prozesu sistematiko, trazagarri eta erabakietara bideratua bihurtzea. «Ereduak gero eta antzekoagoak dira; besteek ez dutena zuen ezagutza da», laburbildu du.

BRTAko arduradunak aliantzaren beraren esperientzia partekatu du zaintza eta adimen teknologikoan: bere 17 zentroetako ezagutza sakabanatua nola antolatu eta egituratzen duten (7 ikerketa-agenda eta 429 azpiegitura teknologiko) sektoreka interpretatzeko eta ingurunean gertatzen dena zaintzeko, beti iturriak aipatuta eta berrikusi eta erabakitzen duen pertsona batekin.

Hitzaldiak ideia horiek igogailu-enpresen egunerokora eraman ditu, hainbat adibiderekin: modernizazio-eskaintzen zirriborroak prestatzea, ahots-oharrak mantentze-parte bihurtzea edo lizitazio-pleguak aztertzea. Gerrikagoitiak hiru ideiarekin itxi du: aldea ezagutza propioak egiten duela; egiturak eta iturriek «magiak» baino gehiago balio dutela; eta komeni dela pilotu txiki baina erreal batekin hastea.