Maiatzaren 26an, Ineustar-ek antolatutako "Zientziaren Industria Euskadin 2026" jardunaldian izan da BRTA. Jardunaldi hau Teknikerren egoitzan ospatu da, Eibarren. Topaketaren helburua gaitasunak konektatzea, lankidetza bultzatzea eta Zientziaren Industriaren euskal ekosistemaren nazioarteko posizionamendua indartzea izan da.
Jardunaldia hiru bloketan egituratu da:
Lehenengoak, "Euskadiko Zentroek Zientziaren Industrian dituzten gaitasunak" izenekoak, BRTA, BERCS eta ESS-Bilbaoren aurkezpenak bildu ditu.
Bigarrenak, euskal I+G+Bren adibide zehatzak jaso ditu arlo horretan, LINAC7-II, RODAS, Quantum Tech LAB eta FLASH terapiak bezalako proiektuekin.
Hirugarren zatiak, sektorearen egungo erronkei aurre egiteko modua izan du ardatz, eta partikulen azeleragailuetan, astronomian, fusio nuklearrean eta teknologia kuantikoetan aukerak jorratu ditu, azken eztabaidako panel batekin.
Lehen blokean, Rikardo Bueno, BRTAko zuzendari nagusiak, Zientziaren Industriako aliantzaren gaitasunak eta aukerak aurkeztu ditu, eta zentroen ikerketa-lerro nagusiekin lotutako ildoak zehaztu ditu: fusio nuklearra, partikulen fisika, astrofisika eta espazio zientziak, energia, biologia eta bizi zientziak, eta ingeniaritza eta azpiegitura zientifikoak.
Arlo horietan, TECNALIA, Tekniker, CEIT eta CIC nanoGUNE zentroek soluzioak garatzen dituzte material aurreratuetan, doitasunezko fabrikazioan, robotikan, sistema mekatronikoetan, teknologia kuantikoetan eta sentsorikoetan, besteak beste.
Bukatzeko, Rikardo Buenok, BRTA Pilotu aurkeztu du, I+Gko ahaleginak koordinatzeko eta sektore espazialeko sare ekonomikora transferentzia teknologikoa hobetzeko 2020an sortutako aliantzaren lantaldea. 13 zentroetako ordezkariek parte hartzen dute taldean, eta upstream eta downstream segmentuetan lan egiten dute, besteak beste, aplikazio espazialetarako, mekatronikarako, robotika espazialerako, adimen artifizialerako eta zibersegurtasunerako material aurreratuak barne hartzen dituzten lehentasunekin.


