"Innovation Land" lelopean, Euskadik Transfiere 2025 Europako zientzia, teknologia eta berrikuntzarako fororik handienean parte hartuko du
- Euskadi - Basque Country standak "Innovation Land" leloa izango du eta bertan izango da, Jaione Ganzarain Eusko Jaurlaritzako Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea buru duen ordezkaritza instituzionala.
- Euskadik presentzia nabarmena izango du programa ofizialean, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako, SPRI Taldeko, Tecnaliako eta ZITUko arduradunek parte hartuko baitute.
- Euskadik Transfiere 2025 foroan duen presentziak berretsi egiten du herrialdeak berrikuntzaren, ezagutza-transferentziaren eta I+G+Ba nazioartekotzearen alde egindako apustua. Europan erreferentea da teknologia- eta enpresa-arloan.
Hirugarren urtez jarraian, Euskadik Malagan, martxoaren 12, 13 eta 14an, egingo den Transfiere 2025 foroan parte hartuko du, I+G+Bari eta ezagutza-transferentziari buruzko Europako ekitaldirik handienean. Talentua, garapen zientifiko-teknologikoa eta inbertsioaren eskuragarritasuna ardatz dituen topaketa hori itunak eta sinergiak sortzeko funtsezko gune bihurtu da.
Azken edizioan, Transfiere foroak I+G+Baren ekosistemako 500 enpresa eta erakunde baino gehiago eta 4.500 profesional baino gehiago bildu zituen. Aurten, zifra horiek gainditzea eta berrikuntzaren eta teknologiaren arloko erreferentziazko ekitaldi gisa indartzea espero da.
Euskadi - Basque Country standa E2 eremuan dago, eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen, ikerketa-zentroen eta berrikuntza-ekosistemako beste eragile batzuen topagune izango da. "Innovation Land" (berrikuntzaren herrialdea) lelopean, Europako Batzordeak Euskadiri 2023an emandako "berritzaile handi" kalifikazioa islatu nahi du. Aitorpen horrek Europar Batasuneko batez bestekoaren oso gainetik jartzen du Euskadi, eta berrikuntzaren aldeko apustu handiena egiten duten Europako herrialdeen artean, Frantziaren parean, eta Danimarka, Suedia, Finlandia eta Herbehereek soilik gainditzen dutela.
Malagara joandako ordezkaritza instituzionalaren buru Jaione Ganzarain Eusko Jaurlaritzako Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea da, SPRI Taldeko eta Basque Research & Technology Alliance (BRTA) aliantzako —17 zentro teknologikok eta ikerketa kooperatiboko zentrok osatzen dute— ordezkariekin batera.
Euskadik Transfiere 2025 foroan duen presentziak berretsi egiten du Euskadik berrikuntzaren, ezagutza-transferentziaren eta I+G+Ba nazioartekotzearen alde egindako apustua, eta Europan erreferentea da teknologia- eta enpresa-arloan. Gainera, Euskadik eginkizun nabarmena du programa ofizialean, “Enpresa txiki eta ertainen I+G+Ba nazioartekotu dadin bultzatzea” topaketaren garapenarekin. Topaketa horretan parte hartuko dute:
- Jaione Ganzarain, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak
- Cristina Oyón, SPRI Taldeko alboko zuzendariak
- Jon Kepa Gerrikagoitia, BRTA taldeko arduradun zientifiko-teknologikoak
- Luis Usatorre, TECNALIAko proiektu-zuzendariak
- Iván Mateos, ZITUko zuzendari komertzialak.
Eusko Jaurlaritzaren helburua da industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago ardatz duen garapenaren alde egitea, eta, horretarako, berrikuntzan eta teknologian oinarritutako hazkunde jasangarria sustatzea, enpresa-lehiakortasunaren hazkunde-faktore gisa, eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko tresnak sustatzea, hala nola energia-trantsizioa eta eraldaketa digitala.