Joan eduki nagusira

BRTAk eta Deusto Business Schoolek arrakastaz amaitu dute zuzendaritza-prestakuntzako programaren bigarren edizioa

Argitalpen-data: 

Bigarren urtez jarraian, BRTAk eta Deusto Business Schoolek “Building the Future Together” zuzendaritza-prestakuntzako programa egin dute. Ikastaro hori ikerketaren eta berrikuntzaren arloko kudeaketa indartzeko diseinatutako ikaskuntzarako eta networkingerako espazio bat izan da. Itxiera-ekitaldia gaur egin da Deustuko Unibertsitatearen Bilboko campusean, eta, horrekin, amaiera eman zaio sei hilabeteko prestakuntza intentsiboari.

BRTAko zentroetako 35 profesionalek hartu dute parte programan. Sei hilabetez, parte-hartzaileek zuzendaritza-trebetasunak garatzeko aukera izan dute, Donostiako eta Bilboko campusetan emandako aurrez aurreko eskolen bidez. Horrez gain, jarduera osagarriak ere egin dituzte, hala nola networking-bazkariak, aliantzako zentroetako liderrekin topaketak eta beren ingurune profesionalari aplikatutako talde-proiektu bat.

Amaiera-ekitaldian, berrikuntzaren eta kudeaketaren alorreko zenbait pertsona ezagunek hartu dute parte: Jaione Ganzarain, Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea; Almudena Eizaguirre, DBS Executive Education-eko zuzendari nagusia; Rikardo Bueno, BRTAko zuzendari nagusia; Ciara O’Higgins, Estrategiako zuzendari akademiko rakaslea Deusto Business Schoolen;  eta Jordi Albareda, Deusto Business Schooleko irakaslea eta proiektu-zuzendaria.

Programa honekin, BRTAk eta Deusto Business Schoolek ikerketa eta teknologiaren kudeaketaren bikaintasunarekin duten konpromisoa indartzen da; ikastetxeen arteko lankidetza sustatzen da, eta Euskadiko I+G+Bko ekosistema sendotzen laguntzen.